Miguel Altuna institutuak, bideo korporatiboa estreinatu du
2010-04-30 ¦ Arteman
Bergarako Miguel Altuna Institutuak ikus-entzunezkoa estreinatu zuen apirilaren 16tik 18ra bitartean eginiko Lanbide Heziketaren gaineko bigarren azokan. Arrasaten eginiko azokan Debagoieneko zentroek euren eskaintza aurkeztu zuten, eta Miguel Altuna Institutuak bideo korporatibo berriaren bitartez egin zuen aurkezpena.
Gainera, bideoa, Institutuaren sarreran ikusteko aukera ere badago, eta bisita instituzional zein gainerakoetan ere erakusteko sortu dute ikus-entzunezkoa.
Miguel Altunaren ikus-entzunezkoaren ekoizpena hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa) egin du Arteman Komunikazioa enpresak. Menu nagusian hizkuntza aukeraketa da aurreneko pausua, eta gero beste zenbait eskaintza baditu bideoak.
Besteak beste, osoa ikusteko aukera ematen du, enpresa zein ikasleei zuzendutako tarte bereziak bakarrik ikusteko aukera eskaintzen du eta institutuaren irudi ikusgarrienekin edizio berezi bat ere badu. HDn egin da ekoizpena eta bi bertsio argitaratu ditu MAIk, Blue-Ray eta DVD formatuetan, hain zuzen ere.
