Gitarra jotzen ikasteko ikus-entzunezkoa laster kalean
2006-11-15 ¦ Arteman
Gaztelupeko Hotsak disko etxeak Durangoko Azokan aurkeztuko du ikus-entzunezkoa. Gitarra ikastaroa, oinarrizko pausuak da lanaren izenburua eta era atsegin zein samurrean gitarra jotzen ikasteko aukera eskaintzen du. Etsaiak, Fjord eta UEK musika proiektuetan aritutako KEU gitarra jotzaile ondarrutarrak eginiko gidoian oinarritzen da lana. Artemanek, berriz, proiektuaren grabazio, ekoizpen eta koordinazioa egin du.
Durangoko Azokan aurkeztuko du Gaztelupeko Hotsak disko etxeak produktu berria. DVD formatuan prestaturiko gitarra ikastaroak 35 minutuko iraupena du, eta era atsegin eta samurrean irakasten du gitarra jotzen KEU musikariak. Hark egin du gidoia eta azalpen guztiak ere berak ematen ditu ikus-entzunezkoan.
Musika eskoletan erabiltzeko materiala sortu gura izan du Gaztelupeko Hotsak enpresak eta Artemanek grabazio, post-produzio, ekoizpen eta koordinazio lana egin du. Era berean, gitarra ikasteko aurreneko pausuak eman nahi dituen edonork ere erabili dezake materiala. Irudiak, soinua eta PDFak ditu DVDak, edonork bere ordenadorean deskargatzeko materiala. Grabazioei dagokienez, egin dira Arrasaten eta Azkarateko Katarain estudioan.
Ez da aurreneko aldia bi enpresa horiek elkarrekin lan egiten dutena. Aurreko batean Lauaxetaren omenezko kontzertua grabatu zuen Artemanek Gaztelupekorentzat. Oraingo honetan, gitarra ikastaroaren DVDa gura du izan bilduma baten lehenengo lana.

