Landa eremuarekiko ohitura onen gidaliburua aurkeztuko da Eibarren
11-12-2007 ¦ Gorka Etxabe
Landa eremuarekiko ohitura onen gidaliburua Eibarko udaletxeko osoko bilkuren aretoan aurkeztuko da ostegunean, hilaren 14an, eguerdiko 12etan. Landa eremuan bizi direnen aldeko ekintzak proposatzen ditu, era atsegin eta praktikoan. Gidaliburuak 28 orrialde ditu eta 50 mila ale argitaratu dira. Horietatik 40 mila banatuko dira Debarroko herri eta baserri auzo guztietan.
Etxean, lanean, aisialdian edo denbora librean eta irakaskuntzan gauza asko egin daitezke landa eremuan bizi direnei laguntza emateko eta baserriko produktuak bultzatzeko. Hori da, landa eremuarekiko ohitura onen gidaliburuaren helburu eta asmo nagusia.
Debemen eta Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteek bultzatutako eta egindako lana izan da, eta Arteman Komunikazioak enpresak ekoiztutakoa. Bi erakundeek Debarroko zenbait enpresa izan dituzte bidelagun; besteak beste, Euskadiko Kutxa, LKS eta ERKOOP.
Eskualdeko kirolari eta alkateak
Debagoieneko eta Debabarreneko zenbait pertsona ezagunek ere babestu dute proiektua. Besteak beste, ULGOReko sortzaile Alfontso Gorroñogoitiak, Euskaltel Euskadi taldeko txirrindulari Markel Irizarrek, munduko eskalada txapeldun Patxi Usobiagak eta Eibar, Deba, Oñati eta Aretxabaletako alkate zein alkate ohiek.
Gidaliburua etxez etxe banatuko da datozen egunetan, era berean, gure eskualdean egingo diren azoka berezietan ere eskuragai izango da.

