50 urteko ibilbidea ospatuko du Fagor Arrasatek
20-11-2007 ¦ Arteman
TACI (Talleres Arrasate Cooperativa Industrial) 1957 urtean sortu zen Legarreko pabilioi batean. Gaur egun, Fagor Arrasatek San Andres auzoan, Nafarroa Etorbidean (Gamei), Markinan eta Donostian ditu lantokiak eta, laster Txinan irekiko du berria. Urteen joan etorriarekin enpresa handia bilakatu da eta bere sektorean oso ondo kokatuta dago.
50 urteko ibilbidea ospatzeko Fagor Arrasatek zenbait ekitaldi eta ekimen antolatu ditu. Abenduaren 1ean Amaia Udal Antzokian ekitaldi nagusia egingo dute eta ondoren Arrasateko Kulturaten erakusketa inauguratuko dute. Egunari amaiera emateko bazkaria izango da Arrasateko bazkideentzat Uharkapen.
Erakusketaren muntaiaz eta ekitaldi nagusiaz Arteman Komunikazioa enpresa arduratzen ari da. “TACI Arrasatetik Arrasatera” izenburuko erakusketan argazkiz, irudiz eta testuz osatutako 20 panel ikusi ahal izango dira eta ikus-entzunezko bat ere eskainiko da enpresaren gainekoa. Abenduaren 1ean irekiko ditu ateak Arrasateko Kulturaten eta 15era arte mondragoetar guztiek izango dute aukera bisitatzeko.
Ekitaldi nagusia ere abenduaren 1ean egingo da Arrasateko Amaia Udal Antzokian “Guztiok ereindako hazia” lelopean. Ekitaldi nagusian Fagor Arrasateko 24 pertsonari eginiko elkarrizketak ikusi eta entzuteko aukera izango da, haiek esandako pasarte interesgarrienekin muntaia egiten ari baita Arteman Komunikazioa. Anjel Alkainen emanaldia ere izango da eta amaitzeko omenaldia egingo diete fundatzaileei.
Era berean, herritik sortua eta herrian errotuta dagoela erakutsi nahi du Arrasatek eta datozen hilabeteetarako zenbait ekitaldi antolatu ditu herriko elkarte zein Udalarekin. Besteak beste, Santamasetako komisiñoarekin elkarlanean pilota partiduak antolatu dituzte, Udalarekin elkarlanean Miarritzeko balletaren emanaldia eta Mikel Urdangarinena izango da, eta Txatxilipurdi elkartearekin elkarlanean parte hartuko du Gabonetako jolas parkean.

